Turkia

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Turkiako Errepublika
Türkiye Cumhuriyeti
Ereserkia: İstiklâl Marşı
Goiburua: Yurtta Sulh, Cihanda Sulh
("Bakea Etxean, Bakea Munduan")

Turkiako bandera

national emblem of Turkey (en) Itzuli
Geografia
HiriburuaAnkara
39°56′9″N 32°50′19″E
Azalera783.562 km², 783.562,05296 km² eta 783.356 km² (36.)
Punturik altuenaArarat (5.137 m)
Punturik sakonenaItsaso Beltza (0 m)
KontinenteaAsia eta Europa
MugakideakGrezia, Bulgaria, Siria, Irak, Armenia, Iran, Georgia, Azerbaijan, Arabiar Liga eta Europar Batasuna
Administrazioa
Gobernu-sistemaEstatu unitario eta presidentzialismo
Turkiako PresidenteaRecep Tayyip Erdoğan
Turkiako PresidenteaRecep Tayyip Erdoğan
LegebiltzarraTurkiako Biltzar Nazionala
Harreman diplomatikoak Ikusi mapa Wikidatan
Zeren kide
Demografia
Biztanleria85.372.377 (2023) (17.)
92.824 (2023)
Dentsitatea108,95 bizt/km² (108.)
Talde etnikoak
Hizkuntza ofizialak
Erabilitako hizkuntzak
Ezkontzeko adinagenero guztiak: 18
genero guztiak, court decision (en) Itzuli: 16
Emankortasun-tasa2,07 (2014)
Eskolaratu gabeko umeak1.378.723 (2014)
Derrigorrezko eskolaratzea6-18
Bizi-itxaropena75,755 (2016)
Giniren koefizientea41,9 (2019)
Giza garapen indizea0,838 (2021)
Ekonomia
BPG nominala905.987.824.100 $ (2022)
0 (2022)
BPG per capita10.616,1 $ (2022)
0 (2022)
BPG erosketa botere paritarioa2.591.454.560.000 nazioarteko dolar (2021)
0 (2021)
BPG per capita EAPn30.472,4 nazioarteko dolar (2021)
2.470,572 (2017)
BPGaren hazkuntza erreala2,9 % (2016)
Erreserbak107.657.025.384 $ (2017)
1.711.167.708 (2016)
Inflazioa8,5 % (2016)
−0,3 (2015)
Historia
Sorrera data: 1923ko urriaren 29a eta 1923
Bestelako informazioa
Aurrezenbakia+90 eta +36
ISO 3166-1 alpha-2TR
ISO 3166-1 alpha-3TUR
Ordu eremua
Elektrizitatea230 V. 50 Hz.Schuko (en) Itzuli eta Europlug (en) Itzuli
Internet domeinua.tr
turkiye.gov.tr

Turkia (turkieraz: Türkiye), ofizialki Turkiako Errepublika[1] (turkieraz: Türkiye Cumhuriyeti), bi kontinentetan banaturik dagoen estatua da, gehiena mendebaldeko Asiako Anatolia penintsulan eta % 3 Europako Balkanetan. 783.562 km²ko eremua du, eta 2018an, 82.835.090 biztanle zituen.

Turkia errepublika demokratiko, laiko eta konstituzionala da, 1923an Kemal Atatürk-en gidaritzapean sortua, Otomandar Inperioaren oinordeko naturala. Hiriburua Ankara da, nahiz eta hiri garrantzitsuena Istanbul izan, antzinako Bizantzio eta Konstantinopla.

Izenaren inguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkia izena (turkieraz, Türkiye) bi hitzetan bereiz daiteke: Türk, antzinako turkieraz "indartsu" esan nahi duena, eta -iye atzizkia, arabieraz "jabe" edo "harremanetan dagoena" esan nahi duena. Türk izenak Turkiako edo herri turkiarretako "herritar "esan nahi du eta tu-kin-etik dator, txineraz Altai mendien hegoaldean bizi ziren herritarrei ematen zitzaien izena K.a. 177an. Türk edo türük izena lehen aldiz VIII. mendean agertu zen Orkhon idazkietan, Erdialdeko Asian bizi ziren Göktürkak izendatzeko. Turkia izena agian transliterazio bat da, Erdi Aroko Latinetik datorrena (Turchia).

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiaren eremuaren gehiengoa (% 96) Asian dago, Anatolian, Ankara hiriburua dagoen tokian, baina estatuaren zati bat (% 4) Europan dago, Trazian. Hiri garrantzitsuena, Istanbul, Trazian eta Anatolian kokatzen da, Bosforok banatua. Munduko hiri bakarra da bi kontinentetan banatuta dagoena.

Turkia Itsaso Beltza eta Mediterraneoaren arteko igarobidea da, Bosforo itsasartetik eta Marmara Itsasotik. Ipar-mendebaldean, Grezia eta Bulgaria mugakide ditu; ipar-ekialdean, Georgia, Armenia eta Nakhichevan, Azerbaijanen exklabea; ekialdean, Iran ; eta hegoaldean, Irak eta Siria.

Taurus mendiak hegoaldean daude eta bertan Tigris eta Eufrates ibaiak sortzen dira. Ararat mendia herrialdeko garaiena da (5.165 m), ekialdean kokatua.

Mediterraneoaren ipar-ekialdean kokatua, oro har klima mediterranearra du: negu gozoa eta uda bero eta lehorra. Hala ere, mendiek erdialdea inguratzen dutenez, eskualde horrek klima kontinentalagoa du: negu hotzagoak eta euri urriagoak, udaberri aldera pilatuak. Alderantziz, Itsaso Beltzeko kostaldean, aire masa hezeen eraginez, euria sarri eta ugari egiten du.

Orografia eta hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dardaneloetako itsasartea

Turkiako lurraldeko parterik handiena Anatolian (Asia Txikian) dago (755.668 km²), eta Europako Trazian parterik txikiena (23.764 km²). Anatoliaren eta Traziaren artean, Marmarako barne itsasoa dago, Bosforo eta Dardanelo itsasarteen bidez Itsaso Beltzarekin eta Egeo itsasoarekin lotura duena. Lurralde menditsua da Turkia, mendi garaiez, eta horien artean, malda malkorrez inguratutako sakanez eta goi-ordokiez osatua. Anatoliako erdialdea goi-ordoki lehor bat da, 3.000 m. baino gehiagoko mendiez inguratua: Pontoko mendiak iparraldean (Kaçkar Dağı mendia, 3.932 m.), eta Taurus mendiak hegoaldean (Cilo mendia, 4.116 m.). Goi-ordokiak batez besteko garaiera 1.000 metrokoa du. Gaur egun, alderdi horretako parterik handiena itsasora irteerarik ez duen arroa bat da, ur gaziko aintzirak eta higadurak jandako eremu handiak dituena (Kapadozia). Halaber, inguru horretan, sumendi gazteak dira, besteak beste: Erciyes, 3.917 metrokoa, Anatoliako erdialdeko mendi garaiena. Anatoliako ekialdea Armeniar goi-ordokiko mendi garaiez eta sumendi gazteez osatua da. Horien artean, Ararat mendia (5.165 m) da nabarmenena, Turkiako gailurra. Mendiak labaz estalitako ordoki garaietan daude; horietako batean, ur gaziko Van aintzira dago. Anatoliako mendebalak sakan zabalek berezitako mendikate luzeak dira. Trazia arroa handi bat da, iparraldean Istranca mendiak, hegoaldean Ganos mendiak eta, ekialdean, Bosforo aldean, 100 m garai inguruko ordokiak dituena; erdialdea, lehorra, muino ugariko ordokia da. Istanbul inguruko ordokiak ibar sakonek irekita daude. Horietako bat, Bosforo ibarra, azken glaziarrak urtu eta itsas maila igo zenean, urez bete zen; gaur egun, Marmara itsasoa eta Itsaso Beltzaren arteko pasabide da. Dardanelo itsasartea ere gisa berean sortua da.

Ozeano Atlantiko eta Indiako ozeanoko uren banalerroak zeharka igarotzen du Anatoliako ekialdea. Banalerroaren ekialdeko ura Kaspiar Itsasora doa Kuruçay eta Aras ibaien bidez eta Persiako golkora Tigris eta Eufrates ibaien bidez. Banalerroaren mendebaleko eta iparraldeko ura Itsaso Beltzera doa Kizil Irmak (Halys) eta Sakarya ibaien bidez. Yesil Irmak (Iris) ibaiak ere Itsaso Beltzean isurtzen du ura. Anatoliako mendebaleko ura Marmarako eta Egeo itsasoetara doa Susurluk ibaiaren, eta Gediz eta Buyukmenderes ibaien bidez. Ura Mediterraneo itsasora isurtzen dutenen artean, aipatzekoak dira Goksu (Calycadnus), Seyhan (Sarus), Ceyhan (Pyramus) eta Orontes (Asi) ibaiak. Anatoliako aintzira handienak ekialdeko Van, erdialdeko Tuz (munduko gatz kopuru handiena duena: % 32,2) eta hego-mendebaleko Beysehir, Egridir eta Burdur dira. Urtegi handiak ere badira.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiako klimak alde handiak ditu lurraldeko toki batetik bestera. Oro har, kostaldeak klima samur hezea du; barnealdeak berriz, hotza eta lehorra.

Mediterraneoko motako txapar-landaredia, sastraka eta zuhaixkak hazten dira Turkiako hegoalde, mendebal eta ipar-mendebalean. Itsaso Beltzeko kostaldean eta iparraldeko mendietan pinudi handiak dira. Antiokiako barnealdean berriz estepako landaredia da, lehorreko belar motz eta zuhaixkekin. Turkiako bertako zuhaitzen artean aipatzekoak dira haritza, pinua, zedroa, palmondoa eta izaia.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte Biztanleria
1927 13.554.000
1930 14.440.000
1940 17.728.000
1950 20.807.000
1960 27.506.000
1970 35.321.000
1980 44.439.000
1990 55.120.000
2000 64.252.000
2010 73.003.000
2012 75.627.000
Erreferentzia: Turkstat[2]

Anatoliako penintsula herri askoren bizitoki izan da. Mediterraneo aldeko ezaugarriak zituen biztanleria Mongoliako ezaugarriak zituenarekin nahastu zen XI. mendean, Asiako erdialdetik turkiarrak eta mongoliarrak sartu baitziren lurraldean. Gaur egungo biztanleak nahasketa horien ondorengoak dira, baina, hala ere, Mediterraneo aldeko ezaugarriak nagusi dira biztanleengan, itsasoaldekoengan batez ere. Turkiarrez gainera, ur banalerrotik ekialdera, hego-ekialdeko eremu zabala hartzen duten kurduak (% 10,6), Siriarekin muga egiten duen aldeko arabiarrak (% 1,6) eta hiri nagusietan bizi diren armeniarrak, greziarrak eta juduak ere badira. Biztanle gehienen ama hizkuntza turkiera da, baina, batez ere, kurduera eta arabiera, eta baita grekoa, armeniera eta hebreera ere erabiltzen dira. Erlijioz Turkiako ia biztanle guztiak islamaren jarraitzaileak dira, musulman sunniak gehienbat. Turkiako biztanleriak oso ugaltze bizkorra izan du XX. mendean zehar, jaiotza tasa oso handia izan baita, eta heriotza tasa, berriz, gero eta txikiagoa da: 1960an, jaiotza tasa % 43koa zen eta heriotza tasa, berriz, % 16koa; 1990ean berriz jaiotza tasa % 30koa eta heriotza tasa % 8,4koa izan ziren. Azken hamarraldietan, jende asko hirietara joan da bizitzera: 1950ean biztanleen % 25 bizi zen hirietan, eta 1995ean, aldiz, % 70era iritsi zen hiritarren kopurua. Exodo horrek hiri nagusien inguruan txabola auzo ugari sortzea ekarri du, Istanbulen (6,6 milioi biztanle 1990ean) eta Ankaran (2,6 milioi) batez ere. Biztanle dentsitatea apala da oso (80 bizt./km2), baina batez besteko horrek ezkutatu egiten ditu eskualde batetik bestera dauden aldeak: alde batetik, Istanbul ingurua, Egeo eta Mediterraneo itsasoen kostaldea, hego-ekialdeko Anatolia, eta beste aldetik, erdialdeko eta ekialdeko Anatolia eta Itsaso Beltzeko kostaldea. Dena dela, hego-ekialdeko Anatolia kasu berezia da: alde batetik, hazkunde natural bereziki handia du, eta beste aldetik, 1984. urteaz geroztik turkiar gudarostearen eta separatista kurduen artean izan diren borrokek biztanle asko lekuz aldatzea ekarri dute (1995ean milioi bat lagunek utzi zuten beren bizitokia); soroak hustu egin dira eta hiriak iheslariz bete. Gerra egoera horrek eskualde hartako garapen ekonomikoa jartzen du kolokan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Turkiako historia»

Gaur egungo Turkiako lurraldean munduko hiri zaharrenetako baten aztarnak aurkitu dira: Neolitoko Çatal Hüyükeko zibilizazioa (K.a. 6500–5700). K.a. 3000. urte inguruan mesopotamiarrek eta siriarrek salerosketak egin izan zituzten lurraldean sortu ziren hiri-estatuekin. K.a. 1900 inguruan, asiriarrek eta amoriarrek merkataritza harremanetarako koloniak sortu zituzten Kapadozian. K.a. XVIII. eta XII. mendeetan, erreinu (hititak, hurritak&) eta greziarren hiri batzuk (Mileto, Efeso) finkatu ziren lurraldean. Geroago, frigiarrek eta lidiarrek lurraldeko mendebala hartu zuten, eta ekialdean, gaur egungo armeniarren sorterriak, Urartuko erreinu ahaltsuak, hartu zuen bizitokia. K.a. VI. mendean persiar akemenestarrek lurralde osoa beretu zuten, mende batzuk lehenago greziarrek kostaldean sortu zituzten hiriak barne. Bi mende geroago, Alexandro Handiak Persiako inperioa konkistatu zuen, eta Asia Txikiaren helenizazioa ekarri zuen. K.a. I. mendean, Erromak ia lurralde osoa hartu zuen. Armeniako erreinuak, ordea, burujabetasuna gorde zuen, mendebaleko Erromako Inperioaren eta ekialdeko partiarren erreinuaren artean. K. o. IV. mendean, Konstantino I.a Handia enperadoreak (306-337) Bizantzio hartu zuen hiriburutzat, Itsaso Beltzaren sarreran. Konstantinopla izena eman zion hiriari, eta handik gutxira, Ekialdeko Erromako inperioaren hiriburua zelarik, Europako hiri handien bilakatu zen. Teodosio enperadorearen heriotzarekin inperioa bitan banatu zenean (395), Konstantinopla Bizantzioko inperioko hiriburu izan zen (ik. Bizantzioko Inperioa). Inperioak Mazedoniako dinastiarekin izan zituen urterik oparoenak (8671057).

Anatoliako historia, turkiarren aurretik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jainkosa eta Haur hititak (K.a. XV-XIII. mendea)

Anatoliako penintsula (Asia Minor ere deitua erromatar garaietan), egungo Turkiaren zati nagusia, gizakiaren bizileku zaharrenetakoa da, Asia eta Europa artean kokatuta. Aurreneko Neolitoko herrixkak munduko lehenengo bizitokien artean sailkatzen dira. Idatzitako historian zehar, Anatolian hizkuntza indo-europarrak, semitikoak eta kartveliarrak mintzatu dira, baita eratorri ezezaguneko beste batzuk ere. Are gehiago, hitita eta luwiera hizkuntzen antzinakotasuna aintzat hartuta, zenbait adituk (tartean A. C. Renfrewek), Anatolia proposatu dute indo-europarren hizkuntzen hedapenaren abiapuntutzat (ikusi: Anatoliako hipotesia).

Tokiko lehen inperio garrantzitsua hititena izan zen, K.a. XVIII. mendetik K.a. XIII. mendera arte. Ondoren, frigiarrak etorri ziren, harik eta zimmeriarrek haien erresuma eraitsi zuten arte (K.a. VII. mendea). Frigien ondorengo boteretsuenak Lidia, Karia eta Lizia izan ziren. Lidiarrek eta liziarrek hizkuntza indo-europarretan hitz egiten zuten.

Bitartean, ioniarrak, antzinako greziar herria, finkatu ziren Anatoliako mendebaldean. Alde osoa pertsiar akemendidarren inperioak konkistatu zuen K.a. VI. eta V. mendeetan. Horren ostean, Alexandro Handiak bereganatu zuen K.a. 334an. Konkistatzaile handiaren heriotzaren ondoren, Anatolia erresuma helenistiko txikien artean banandu zen (Bitinia, Kapadozia, Pergamo edo Ponto). Horiek guztiek erromatarren aurrean amore eman zuten K.a. I. menderako. Erromatar Inperioan barna, K. o. 324an Konstantino enperadoreak Bizantzio hiria inperioko hiriburu berritzat hartu zuen, Konstantinopla izena emanda. Mendebaldeko erromatar inperioaren erorketarekin, Konstantinopla Bizantziar Inperioko hiriburua bihurtu zen.

Turkiarrak eta Otomandar Inperioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Otomandar Inperio»
Selimiye meskita (1574, Edirne)

Seljuk etxea turkiarren adar bat zen, IX. mendean Kaspiar Itsaso eta Aral itsasoaren iparraldean kokatuta zegoena. X. mendean, seljukarrak mendebaldera mugitzen hasi ziren, Anatolia aldera. Manzikert (Malazgirt) batailaren ostean 1071n, hor finkatu ziren. Horren ondorioz, Anatoliako seljuk sultanerria osatu zen, Asiako erdialdea bereganatuta zeukan seljuk inperioaren adar independentea. 1243an, seljukar armadak mongoliarrek garaitu eta suntsitu zituzten. Harez geroztik, inperioa, apurka, desegin egin zen. Kinka horretan, Osman I.a buru zuen turkiar estatua garatu zen, Otomandar Inperioa eratu arte, seljukar eta bizantiarren hutsunea betetzeko.

Otomandar Inperioak mendebaldea eta ekialdea lotu zituen 623 urteko historian. XVI. eta XVII. mendeetan, munduko estaturik boteretsuenetakoa izan zen, Balkanetan zehar aurrera eginez. Alabaina, XVIII. eta XIX. mendeetan inperioaren gainbehera gertatu zen.

Bi mendeko gainbehera hartan, Otomandar Inperioa pixkanaka lurraldeak, botere militarra eta aberastasuna galduz joan zen. Lehen Mundu Gerran sartu zen, Erdialdeko Inperioen alde, eta azkenean gerra galdu zuten. Gerratean, gutxi gorabehera 1,5 milioi armeniar deportatu zituen Turkiako Gobernuak, armeniar genozidioan.[3][4] Sarraski handiak egin zituzten, orobat, inperioko beste kristau gutxiengo batzuen aurka: asiriarren, otomandar greziarren eta Pontoko greziarren aurka, alegia.[5][6] Mudrosko armistizioaren ondoren (1918ko urriaren 30a), Aliatuek Otomandar Inperioaren lurrak banatu zituzten, Sèvresko Itunaren bidez.[7]

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1908an, «Turkiar gazteak» higikunde erreformazaleak Abdulhamid II.a sultana 1876. urteko konsituzioa hartzera eta, geroxeago, aginpidea uztera behartu zuen. Haren ordez, Muhammad V.a ezarri zuten aginpidean (19091918). Autoritarismoa eta ultranazionalismoa bultzatu zituzten eta 1914an, Lehen Mundu Gerran, Austriaren eta Alemaniaren alde egin zuten. Orduko, Balkanetako gerren ondoren (1912–13), otomandarrek Europan zituzten lurraldeetatik Traziako ekialdea baino ez zuten gorde ahal izan. Gainera, turkiar abertzaletasunaren berpiztearekin batera, arabiar, kurdu eta armeniarrekiko gatazkak hasi ziren. Turkiarrek sekulako sarraskia egin zuten armeniarren artean (1894–96 eta 1915–16); bi milioi armeniar inguru hil zituzten Lehen Mundu Gerran, eta bizirik geratu zirenak herrialdetik alde egitera behartu zituzten («Armeniako genozidioa» izenaz ezagutzen dena). Harrezkero, armeniarren eta turkiarren arteko gatazkak ez du konponbiderik izan, turkiarrek ez baitute genozidio hura bere gain hartu nahi izan. 1914–1918 urteetako gerran, Turkiako gudarosteek, Dardanelo babesten onik atera baziren ere, Arabiako probintzietan sekulako hondamendia izan zuten.

Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Greko-turkiar gerra (1919–1922)»

Lehen Mundu Gerrako aliatuek Istanbul eta Izmir okupatzeak turkiar nazio mugimenduaren sorrera eragin zuen. Mustafa Kemal Pasha Gallipoliko guduan nabarmendu zen buru militarraren gidaritzapean, Turkiako Independentzia Gerra piztu zen Sèvresko Ituna bertan behera utzi nahian. 1922ko irailaren 18rako, armada okupatzaileak botata, herrialdeak turkiar estatu berriaren jaiotza ikusi zuen. Azaroaren 1ean, ofizialki sultanerria, eta, hortaz, 623 urte iraun zuen otomandar agintea, desegin zen. Lausanako Itunaren bidez (1923), nazioartean Turkiako Errepublika onetsi zen, Otomandar Inperioaren ondorengo gisan.

Mustafa Kemal errepublikako lehendabiziko presidente bihurtu zen. Segituan erreforma andana jarri zituen abian, errepublika sekular bat eratu nahi baitzuen, iragan otomandarra baztertuz. Mustafa Kemal 1934an Turkiako Parlamentuak Kemal Atatürk (turkiarren aita) izendatu zuen.

Bigarren Mundu Gerran, Aliatuen alde egin zuen Turkiak eta 1945eko otsailaren 23an. Nazio Batuen Erakundeko kide 1945ean bertan bihurtu zen. Greziako Iraultza komunista eta Sobiet Batasunak Turkian gune militarrak kokatzeko asmoak zirela eta, AEBek Truman doktrina plazaratu zuten. Horren bidez, Turkia eta Greziako segurtasuna bermatu zuten AEBek eta, horren ondorioz, amerikarren babes militarra eta ekonomikoa jaso zuten. 1952an NATOn sartu zen Turkia.

Alderdi politiko bakarreko aldia 1945ean amaitu zen. Alderdi anitzeko aldian gorabehera sutsuak gertatu ziren. 1960an, 1971n eta 1980an armadak estatu-kolpeak egin zituen. 1997an antzeko zerbait ere gertatu zen. 1974an, Zipren sartu zuen armada Turkiak, elkarren kontrako bortizkeriak 10 urte iraun ondoren eta Atenasek bultzatutako estatu-kolpe baten ondoren halaber.

1945etik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950ean, Alderdi Demokratikoak eskuratu zuen aginpidea, Celal Bayar lehendakariarekin eta Adnan Menderes Lehen ministroarekin. Turkia NATOn sartu zen, baina krisi ekonomikoa areagotu zen, eta Menderesek, askatasunak murriztu eta diktadore baten gisa gobernatu zuen. 1960an, militarrek, Gursel jeneralaren gidaritzapean, hartu zuten aginpidea, konstituzio berri bat egin zuten, eta gobernua eta Alderdi Demokratikoko buruzagiak espetxeratu zituzten. Demeresi eta beste buruzagi batzuei heriotza zigorra eman zieten. 1961eko hauteskundeetan, Gurselek lehendakaritza gorde zuen, eta Ismet Inonuk, HAEko buruak, lortu zuen Lehen ministro kargua. 1965ean Justiziaren Alderdiko (JA; Alderdi Demokratiko ohia) buruzagiak, Suleiman Demirel kontserbadoreak, hartu zuen Inonuken tokia. 1980ko estatu kolpea arte, HAEko Bulent Ecevit sozialdemokratak eta JAko Demirelek txandaka gobernatu zuten, koalizio gobernu ahulak osatuz. Bien bitartean, barne egoerak okerrera egin zuen: krisi ekonomiko larria, oinarrizko eskubideen debekua, atxiloketak, islamiarren eta ezkerreko zein eskuin muturreko taldeen atentatuak, armeniarren eta kurduen burujabetasunaren aldeko borroka, etab. Eskuindarrek, Demirelen agintaldietan, gero eta aginpide handiagoa lortu zuten. Bestalde, 1974an, Turkiako gudarostea Zipreko uhartean lehorreratu zen, Makarios III.ari lehendakaritza kendu zioten greziar koronelen estatu kolpea galarazi nahian. Turkiaren eta Greziaren arteko gerra doi-doi saihestu ahal izan zen. 1980an, hirugarren aldiz hogei urtetan, militarrez osatutako batzorde batek hartu zuen aginpidea. Batzordeak, Kenan Evren jeneralaren agintaritzapean, aginpidea zibilei itzultzeko asmoa zuela jakinarazi zuen. 1982an, konstituzio berri bat onartu zen, oinarrizko eskubideak murriztuak onartzen zituena, eta militarrek aginpide osoa itzultzeko borondatea ez zutela agerian uzten zuena. 1983ko hauteskundeetan, Ama Aberriaren Alderdia (AAA) alderdiko Turgut Ozal atera zen garaile, eta gobernuko buruzagitza eskuratu zuen, baina estatuko lehendakaritza militarren mende geratu zen. 1987an, Turkiak Europako Elkartean sartzeko eskaera egin zuen. 1989ean, Turgut Ozal errepublikako lehendakari hautatu zuten, Kenan Evrenen ordez. Ozal Europako mendebaldeko politikaren jarraitzaile izan da, eta 1990ean, Persiako Golkoko gerran, Iraken aurkako herrialdeekin bat egin zuen; soldaduak bidali ez bazituen ere, Turkiak aireportu militarrak eta estatubatuar baseak erabiltzeko baimena eman zuen. Ankara beldur zen Irakeko Kurdistanen independentziak kutsatuko zituen Turkiako kurduak.

Kurduak guztira 19 milioi dira eta lau herrialdetan daude banatuta, Turkia, Siria, Iran eta Irak-en. Turkian bertan bizi dira kurdu gehienak ez zaie ezagutzen ez beren hizkuntza ez kultura. 1991ko urrian Turkiako gudarosteak Langileen Alderdi Kurduaren (PKK) baseak bonbardatu zituen Iraken iparraldean. Kurduen arabera, zeinbat herri ere bonbardatu zituzten. Urte horretako legebiltzarrerako hauteskundeetan, Soliman Demirel-en Bide Zuzeneko Alderdiak (DYP) irabazi zuen, botoen % 27 atera zuen eta Alderdi Sozialdemokratarekin elkartu behar izan zuen koalizioan. Higikunde fundamentalistek ezik, gainerako alderdi guztiek Europar Batasunean sartzea ezinbestekoa zela uste zuten, eta lehentasuna zen Turkiarentzat. Purple roof women´s shelter foundation emakumeen erakundeak hainbat ikerketa egin zituen 1991n emakumeen kontrako gizonezkoen gogorkeriari buruz. Emaitzen arabera, gizonezkoen % 45ek ondo ikusten zuen emakumeak zigortzea senarraren nahia betetzen ez zutenean; eta ikerketa horrek adierazten zuen lau emakume ezkongabetik batek eta hiru emakume ezkondutatik batek indarkeria jasaten zuela. Urte horretan bertan, Demirel Lehen ministroak bidaia bat egin zuen Turkia hego-ekialdeko kurduen lurraldeetara eta herri kurduaren nortasuna onartu zuen. 1992an PKKk adierazi zuen behin-behineko gerra gobernua osatuko zuela eta biltzar nazional bat antolatuko zuela Kurdistanen egoitzatzat hartzen den lurraldean, Turkia eta Irak hartzen dituen estatuan, hain zuzen. Baina egun gutxira, hainbat altxamendu izan zen hego-ekialdeko probintzietan eta borroka gogorrak izan ziren gerrillari kurduen eta gudarostearen artean. Gobernuak hitzarmen bat izenpetu zuen Siriarekin kurduen higikunde terroristei aurre egiteko. Baina Europako Kontseiluak eskatu zion Turkiari kurduen kontrako errepresioa gutxiagotzeko. Hala, Turkiak amnistia eman zien bost mila preso politikori eta baimena eman zuen kurduerazko bi egunkari kaleratzeko. 1993an Turgut Ozal presidentea hil zenean, Demirel Lehen ministro ohia hautatu zuten haren ondorengo, eta Tansu Ciller emakumea izendatu zuten Lehen ministro. PKK-k su-etena adierazi zuen, eta aipatu zuen prest zegoela Kurdistango estatu independentea osatzeko asmoa baztertzeko, baldin eta gobernuarekin negoziazioak hasten baziren. Baina gobernuak ez zion erantzun sendorik eman eta gerrari ekitea erabaki zuten gerrillari kurduek. Hainbat ekintza egin zituzten Europan, Alemanian batez ere. Gudarostearen erantzuna ere gogorra izan zen, eta ehunka kurduek beren herriak utzi behar izan zituzten; aldi berean, Irakeko Kurdistan bonbardatu zuten (1994). 1995eko hauteskundeetan alderdi islamistak gora egin zuen (PP) eta DYP-k koalizio gobernu bat osatu behar izan zuen islamistekin. 1996an Necmettin Erbakan islamista gobernu buru izendatu zuten. Baina 1997an gudarosteko talde batek frogak aurkeztu zituen: PP alderdiak erakunde islamiko legez kanpokoekin lotura estua zuela erakusten zuten froga haiek. Hala, Erbakan kargutik kentzea erabaki zuen presidenteak eta Gorte Konstituzionalak herrialdea gerra zibilaren arriskuan jartzeaz salatu zuen. Turkiako Giza Eskubideen Elkarteak azaldu zuen 1997an zehar 114 lagun hil zirela Turkian atxiloturik zeudela, 366k torturak salatu zituztela eta 66 pertsona desagertu zirela.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Probintzia eta eskualdeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Turkiaren banaketa administratiboa»
Turkiako probintziak
Turkiako probintziak

Turkia 81 probintziatan banatua dago, iller izenekoak (singularrean il). Probintziaren izena hiriburuarena beraren da, salbuespen hauekin: Hatay (hiriburua Antakya), Kocaeli (hiriburua İzmit) eta Sakarya (hiriburua Adapazarı). Probintziak gobernadore baten aginpean daude, vali izenekoa, Gobernu zentralak izendatua. Probintziak barrutitan banatzen dira (ilçeler, singularrean ilçe).

Geografikoki, Turkia 8 eskualdetan banatzen da: Trazia, Itsaso Beltzeko Kosta, Marmara itsasoa, Egeoko Kosta, Mediterraneoko Kosta, Mendebaldeko Anatolia, Erdialdeko Anatolia, Hego-ekialdeko Anatolia eta Ekialdeko Anatolia.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Istanbul: 14.025.646 (2015eko estimazioa)
  2. Ankara: 4.587.558
  3. Izmir: 2.847.691
  4. Bursa: 1.854.285
  5. Adana: 1.563.545
  6. Gaziantep: 1.495.050
  7. Konya: 1.003.373
  8. Antalya: 955.573
  9. Kayseri: 911.984
  10. Mersin: 842.230

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkia G-20ko bileran
  • Datu politikoak:
    • Gobernu-mota: alderdi anitzeko errepublika. Ganbera legegile bakarra, 600 (2018eko erreforma) kide dituena.
    • Estatuburua: lehendakaria. 2014eko erreformaz geroz presidente hauteskundetan aukeratua
    • Gobernuburua: lehen ministroa.
    • Banaketa administratiboa: 76 probintzia.

Gobernua eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkia errepublika bat da, demokrazia parlamentarioko gobernu sistema duena. Mustafa Kemal Ataturkek sortu zuen errepublika, 1923ko urriaren 29an, Inperio Otomandarra desegina zenean. Harrezkero, Turkiako ekonomiak eta politikak gorabehera handiak izan dituzte. Ataturkek Turkia modernoaren oinarri ideologikoak ezarri zituen, eta gizartean, erlijioan, politikan eta hizkuntzan eragin zituen aldaketak eztabaidagai dira gaur egun ere. Bien bitartean, gobernuak, batzuetan militarra besteetan parlamentarioa, arazo handiak izan zituen behin-behineko egoera politikoa gainditzen. 1980an, militarrek aginpide osoa hartu zuten, alderdi politikoak debekatu zituzten, Parlamentua deuseztatu, eta lehen ministroa eta lehendakaria kargutik kendu zituzten. Sei militarrez osatutako batzorde batek hartu zuen aginpidea, eta batzordeko lehendakariak zuen estatu buruzagitza. 1982ko konstituzio berriak, herrialdea gudarostearen mendean utzi arren, errejimen parlamentarioa onartu zuen: Nazio Biltzarrak gobernuaren erabakien gaineko erantzunkizuna du.

Errepublika sortu zenean, Turkiako hamar biztanletatik batek baino ez zekien irakurtzen; gaur egun, 15 urtetik gorako gizonezkoen % 87 eta emakumezkoen % 64 alfabetatuak daude. Osasunari dagokionez, eritasun kutsakorren ondorioz hiltzen direnak eta, baita, jaioberritan hiltzen diren haurrak ere, herrialde aurreratuenetan baino gehiago izanik ere, Turkiako osasun egoerak onera egin du XX. mendearen erdialdeaz geroztik. Turkiarren batez besteko bizi itxaropena 62 urtekoa da gizonezkoentzat eta 66 urtekoa emakumezkoentzat. Bestalde, errenta txikiak, demografiaren hazkundeak eta herritik hirirako emigrazioak etxe falta ekarri du; hiri nagusiak oinarrizko azpiegiturarik ez duten aldiriez inguratuak daude.

Gai politiko korapilotsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Armeniar genozidioa: Lehen Mundu Gerraren garaian eta ondoren Turkiako Gobernuak «historian zientifikoki planifikatu, antolatu eta gauzatu zen lehenengo genozidioa» egin zuen.[8] Turkiako Gobernuak oraindik ez du genozidio hori onartu: sarraskiak izan zirela dio, baina Turkiako Gobernuaren erantzukizuna ukatzen du, eta horixe du Europar Batasunean sartzeko oztopoetako bat. Era berean, ukazio horren ondorioz, harreman tirabiratsuak ditu Armeniarekin,[9] Ameriketako Estatu Batuekin[10] eta Frantziarekin,[11] besteak beste. Turkian, gainera, tabua da genozidio horren gaia, eta hainbat intelektual epaitu dituzte horretaz jarduteagatik.[12][13][14]
  • Kurdistango gatazka: Turkiaren baitan hedatzen da Kurdistango lurralde gehiena. Herrialde biren arteko harreman historikoa gora-beheratsua eta gatazkatsua izan da, gaur egun ere gatazka konpondu gabe segitzen du.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Levent, İstanbul
Kızılay, Ankara
Artikulu nagusia: «Turkiako ekonomia»

1996an, biztanle aktiboen % 46 lehen sektorean ziharduen lanean, % 22 bigarren sektorean (industria) eta % 32 hirugarren sektorean (zerbitzuak eta turismoa). Alde handiak daude, hala ere, eskualde batetik bestera banaketa horri dagokionez. Langabezia oso handia da (% 8 1995ean), baldintza txarreko lanpostuak ugariak dira, eta turkiar asko eta asko mendebaldeko Europara eta inguruko herrialdeetara joan dira lan bila. Hala ere, Turkiako ekonomiak hazkunde bizkorra izan du: 1996an BPG 182,5 mila milioi dolarrera iritsi zen, eta urteko hazkunde tasa % 6,4koa izan zen. Baina zabaltze hori Turkiaren mendebaldeari dagokio batez ere, izan ere, ekialdeko Anatoliak ekonomia egoera latza bizi baitu.

1970. urtearen amaiera arte, Turkiako ekonomiaren bilakaera enpresa publikoetan oinarritzen zen (industria astunak, garraioak, bankuak, etab.), eta horiekin batera enpresa pribatu txiki ugari zeuden. Baina Nazioarteko Diru Funtsak horrela eskatuta, liberalizazioa eta ekonomiaren zabaltzea bideratu zen 1980. urtetik aurrera. Politika horrek atzerriko inbertsioak erakarri zituen eta finantza holding handiak sortu ziren. Horrek guztiak, ordea, eragin gogorrak izan zituen gizartean: inflazioak gora jarraitzen zuen (% 80 1996an) eta atzerriko zorra ere handia zen (75 mila milioi dolar 1996an).

Nekazaritzari dagokionez, Turkia bi alderditan banatzen da: batetik, Anatoliako goi-ordokian garia eta garagarra lantzen dira eta ardiak hazten; kostaldean, aldiz, laboreak eta industria gaiak (kotoia, tea, tabakoa) eta merkataritza gaiak egiten dira (olibak, fruitu lehorrak). Nekazaritza jabetza txikietan oinarritzen da eta horrek azaltzen du nekazaritza hain atzeratua izatea.

Energiari dagokionez, Turkiak bere beharren erdia asetzen du, gutxi gorabehera, nahiz eta ikatz eta lignito hobi handiak dituen, eta baita petrolio hobiak ere Anatoliako hego-ekialdean. Lurralde horretako baliabide hidroelektrikoak ez dira erabat ustiatu, baina garrantzizko proiektuak daude maila horretan.

Industria Turkiaren mendebaldean biltzen da batez ere, eta jarduera nagusiak ehunaren eta elikagaien ingurukoak dira. Ankara hiriburu administratiboa da, baina ez dago ia industriarik; Istanbulen, aldiz, industria arinak eta goi mailako teknologiako lantegi nagusiak daude. 1980. urteaz geroztik Turkiak ekonomiaren zabaltzea ezagutu zuen, eta beste herrialdeekiko trukeak asko hazi ziren: esportazioak 1975ean BPGren % 10 ziren, eta handik hogei urtera berriz % 20. Merkataritza balantza defizitarioa da (-13,2 mila milioi dolar 1995ean), baina defizit hori turismoaren industriak eta atzerrian bizi diren turkiarrek bidaltzen duten diruak osatzen du. Turkiak Europar Batasunarekin ditu merkataritza harreman gehienak. Hala ere, Turkiak harremanak hobetu nahi ditu Ekialde Hurbilarekin, Balkanetako herrialdeekin eta antzinako Sobietar Batasunarekin. 1999ko abuztuan lurrikara izugarri bat izan zen Turkian, Izmir eta Istanbuleko eskualdean gehienbat. Oso ondorio gogorrak izan zituen Turkiako ekonomian, eskualde horietan baitaude Turkiako industriagune nagusiak.

Inportatutako produktu nagusiak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Makineria ez elektrikoa: % 16.
  • Erregaiak: % 12,2.
  • Altzairu eta burdina: % 10,3.
  • Ibilgailuak: % 9,2.
  • Ekipamendua: % 7,7.

Esportatutako produktu nagusiak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Oihalak: % 34,7.
  • Altzairu eta burdinezko produktuak: % 13,1.
  • Makineria eta garraio-ekipamendua: % 11.
  • Fruituak: % 6,1.
  • Makineria: % 3,8.

Baliabide nagusiak:[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lignitoa: 37,8 miloi tona.
  • Garia: 15,7 miloi tona.
  • Harrikatza: 7 miloi tona.
  • Burdina: 2 miloi tona.
  • Zitrikoak: 1,1 miloi tona.
  • Arrainak: 627.900 tona.
  • Kotoia: 550.000 tona.
  • Kromoa: 355.000 tona.
  • Tabakoa: 253.000 tona.
  • Oliba olioa: 200.000 tona.
  • Tea: 124.000 tona.
  • Artilea: 49.000 tona.
  • Ardi-azienda: 40 miloi buru.
  • Behi-azienda: 12 miloi buru.
  • Elektrizitatea: 44.000 miloi kWh.
  • Turismoa: 2.39 miloi bisitari.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aireportuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Ikus jatorrizko Wikidatako eskaera eta iturriak.

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Derbitxeak
Sakontzeko, irakurri: «Turkierazko literatura»

Turkiako kulturak Arabiako, Persiako eta Bizantzioko kulturen ezaugarriak edo osagaiak ditu. Baina, XIX. mendetik aurrera, Europako sartaldeko kultura sartu, eta Lehen Mundu Gerraren ondoren Turkiako estatu berria sortu zuen gutxiengo ilustratuaren artean sustraitu zen. Harrezkero, Turkiako bertako kultura-nortasuna sendotzeko joera nagusitu da, lehenik eta behin, arabiar kulturaren eraginari aurre eginez. Mustafa Kemal Ataturkek alfabeto latinoa eta egutegi gregoriarra nahitaezko egin zituen. Turkiako artistek eta idazleek nazionalismo kulturalaren eta mendebaleko kulturaren aldeko jarrera hartu dute, tradizio panislamikoaren kaltetan. Turkiako erakunde ofizialek tradizioko kultura bultzatzen dute, mendebaleko antzerkiarekin eta operarekin batera. Kulturaren hiri nagusiak Ankara, Istanbul eta Izmir dira.

Turkian antzinako kulturen aztarnak eta eraikuntza ikusgarriak daude. Aipagarria da, besteak beste, Istanbuleko Santa Sofiaren basilika, VI. mendean eraikia, eta geroago, meskita eta museo izana. Literaturan, XVI. mendean, Inperio Otomandarraren zabalkundearekin batera, Arabiako eta Persiako eraginak zituen literatura egin zen. Garai hartako idazle aipagarrienak Fuzuli (1480–1556) eta Baki (1526–1600) olerkariak dira. XIX. mendean, aldaketa nabarmena izan zen, Frantziako erromantizismoaren eragineko literatura egiten hasi baitzen. Namik Kemalek (1840–1888) aberriaren eta askatasunaren ideiak zabaldu zituen.

Hizkuntzaren erreformarekin batean (ortografia fonetikoa bideratzea eta arabieraren eta persieraren irakaskuntza galaraztea) idazkera egunoroko hizkuntzara etorri zen. Errealismoak gorteko poesiaren tokia hartu zuen, eta idazleek herri xumearen bizimodua islatu zuten: Nazim Hikmet (1902–1963), Yachar Kemal (1920) eta Mahmut Makal (1930) dira aipagarrienak. Zinemagintzan, aipagarria da Yilmaz Güney (1937–1984) zinema antzezle eta zuzendaria, berak egindako filmetan (Yol, 1982; Harresia, 1983; etab.) Turkiako politika, gizarte eta sexu zapalkuntza salatu zituena.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiako biztanleen % 99 dira musulmanak; horietako % 80, sunismoaren jarraitzaileak, eta gutxiengo bat, % 10 inguru, alevi sinesmenekoak. Frantziako Estatuan bezala, laizismoa oso errotuta dago, hau da, Estatuak ez du erlijio ofizialik, nahiz eta azken urteetan islameranzko joera hartzen ari den.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiera da hizkuntz ofizial bakarra, nahiz eta beste mintzaira batzuk egiten diren (besteak beste, kurduera).

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Turkiar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskaltzaindiaren 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak Euskaltzaindia.net
  2. .
  3. (Ingelesez) «Fact sheet: Armenian genocide», University of Michigan. Eskuratze data: 2011-01-11.
  4. Totten, Samuel, Paul Robert Bartrop, Steven L. Jacobs (eds.) Dictionary of Genocide. Greenwood Publishing Group, 2008, p. 19. ISBN 0-313-34642-9.
  5. Bloxham. p. 150
  6. Levene, M (1998): «Creating a Modern "Zone of Genocide": The Impact of Nation and State Formation on Eastern Anatolia, 1878-1923», Holocaust and genocide studies, 12:3, 393-433.
  7. Kinross, Patrick (1977): The Ottoman Centuries: The Rise and Fall of the Turkish Empire. Morrow. ISBN 0-688-03093-9.
  8. Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren erabakia: «Armeniako genozidioaren 90. urteurrenean». Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 99. zenbakia, 2007-04-27.
  9. (Ingelesez) Lionel Beehner: «Nagorno-Karabakh: The Crisis in the Caucasus», Council on Foreign Relations. Eskuratze data: 2011-01-11.
  10. Allande Sokarros: «Armeniarren genozidioaren auzia AEBetara heldu da»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010-03-06.
  11. (Ingelesez) Angelique Chrisafis: «Turkey warns France over Armenian genocide bill», The Guardian, 2006-10-11.
  12. Juanma Sarasola: «Armeniarren genozidioa, tabu», Berria, 2007-01-26.
  13. «Turkiak AEBei ohartarazi die euren harremanak kaltetuko dituela armeniarren auziak»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2010-03-07.
  14. Pello Zubiria: «Armeniar hila mugitu da Turkian 90 urte eta gero»[Betiko hautsitako esteka], 2005-10-16.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan